ARAUDIA

 

 

“ABRAHAM OLANO, 11 TONTOR GIPUZKOAN ZEHAR” MARTXA ZIKLOTURISTA

 

1. Definizioa.

“ABRAHAM OLANO, 11 TONTOR GIPUZKOAN ZEHAR” martxa zikloturista, lehia kutsurik gabeko proba da, eta 2015ko ekainaren 27an izango da, goizeko 8:00etan abiatuta.

ORIAKO TXIRRINDULARI ESKOLA da probaren antolatzailea.

Proba Tolosan eta Gipuzkoako errepideetan izango da, eta irteera eta helmuga CARTONAJES LIMOUSIN enpresaren instalazioetan izango dira, Tolosako Usabal industria-poligonoan.

Errepidea zabalik egongo da trafikora, eta beraz, partaideek indarrean diren zirkulazioko arauak errespetatu beharko dituzte.


2. Modalitateak eta distantziak.

Martxak parte hartzeko bi aukera eskaintzen ditu: ibilbide luzea, 208 km-koa, eta ibilbide motza, 70 km-koa. Ibilbidearen xehetasun guztiak, mapa eta profila Oriako Txirrindulari Eskolaren webgunean daude argitaratuta: www.oriakotxe.com.

3. Parte-hartzea eta aseguruak.

Edozein nazionalitatetako kirolariek dute aukera martxan parte hartzeko. 18 urtez azpikoek ezingo dute parte hartu ez ibilbide motzean ez luzean.

DERRIGORREZKOA da kasko homologatua buruan eramatea ibilbide osoan.

Partaide bakoitzak bere ardurapean hartuko du parte martxan, eta behar adinako prestakuntza fisikoa eta trebetasun teknikoa izango du probari aurre egiteko.

Antolakuntzak partaide guztiei aholkatzen die probaren aurretik mediku-azterketa bat egiteko, horrelako txirrindularitza-proba bat egitea eragotz dezakeen edozein arazo hautemateko eta baztertzeko.

Antolakuntzak Erantzukizun Zibileko aseguru-poliza bat izango du, indarrean den legediaren arabera. Federatutako partaideek dagokion Federazioaren asegurua izango dute, eta, beraz, aseguru horren estaldura. Federatu gabekoentzat, berriz, eguneko asegurua kontratatuko da. Ondorioz, ekitaldi honetan parte hartzeak berekin dakar berariazko onespena ematea norbera identifikatzeko datuak antolatzaileek erabakitako erakunde aseguratzaileari uzteko. Horren helburua da proban zehar inolako istripurik izanez gero, behar bezalako asistentzia eskaintzea partaide guztiei.

4. Izen-emateak.

Izen-emateak KIROLPROBAK plataformaren bidez egingo dira: www.kirolprobak.com.

Izen-emateen prezioa, maiatzaren 31ra arte, 25 -koa izango da federatuentzat, eta 35 -koa, federaturik ez daudenentzat. Ekainaren 1etik aurrera, 30 federatuentzat eta 40 federaturik ez daudenentzat. 2015ko ekainaren 24an itxiko dira izen-emateak.

Izen-emateak pertsonalak eta transferiezinak dira. Era berean, izena emateak berekin dakar araudi honen artikulu guztiak eta erosketa-baldintzak onartzea. Izen-emateak BEHIN BETIKOAK dira, eta, horrenbestez, parte hartu ezin dutenei ez zaie izen- ematearen dirua itzuliko.

Prezio guztiak KIROLPROBAK plataforman, izena emateko orrian, ageri dira. Beraz, izen-emateak online ordainketa-sistemaren bidez gauzatu ahal izango dira, kreditu- txartelaren bidez edo zordunketa bidez.

Hasiera batean, ez da partaide kopuruari dagokionez inolako mugarik aurreikusi. Nolanahi ere, antolakuntzak beretzat gordetzen du izena emateko eskubidea eta eskumena izango du izen-ematea ixteko baldin eta partaideen kopuruak bere antolakuntza-ahalmena gainditzen badu edota segurtasuneko gutxieneko baldintzak ezin badira bermatu.

5. Dortsalak.

Partaideen identifikaziorako material guztia ostiralean, ekainak 26, jasoko da, 16:00etatik 21:00etara, probaren irteera eta helmuga izango den inguruetan, Usabalgo industria-poligonoan.

Probaren egunean ere aukera izango da identifikaziorako materiala jasotzeko, goizeko 6:00ak eta 7:00ak artean.

Antolatzaileen gomendioa da identifikaziorako material hori ostiralean jasotzea, probaren egunean pilaketarik eta itxaronaldirik gerta ez dadin.

Dortsalak jasotzerakoan, partaide guztiek beren NANa aurkeztu beharko dute, eta federazioaren lizentzia, federatuen kasuan.

6. Segurtasuna eta mediku-asistentzia.

Segurtasun-arloko kidego eta zerbitzuen ardura izango da bide publikoan segurtasuna bermatzea eta trafikoa kontrolatzea eta arautzea. Nolanahi ere, gogoan izan behar da ibilbidea trafikoari zabalik egongo dela eta, beti ere, zirkulazio-arauak betez ibili behar dela errepidean.

ABRAHAM OLANO MARTXA EZ DA LASTERKETA EDO LEHIAKETA, martxa zikloturista baizik. Beraz, ezaugarri eta izaera hori oso kontuan izan behar da herriak gurutzatzerakoan, eskuinetik zirkulatzerakoan, biribilgune eta bidegurutzeetatik igarotzerakoan, mendateak jaisterakoan, etab.


Probak mediku-zerbitzua izango du eta osasun-arloko langile guztiek eskumena izango dute, arrazoi medikuak tarteko direnean, edozein partaide erretiratzeko.

Antolatzaileen aholkua da proban zehar kargatutako telefono mugikor bat aldean eramatea, baita beso-erdiko zorroak ere, gutxienez, jaitsieretan hotzetik babesteko. Martxaren aurreko astean, iragarritako tenperaturen berri emango da web-orrialdean.

Probako mediku- eta asistentzia-zerbitzuak ez daude behartuta martxan izena emanda ez dauden txirrindulariak artatzera.


7. Laguntza mekanikoa eta partaideak jasotzeko puntuak.

Antolakuntzak hainbat ibilgailu izango ditu ibilbide osoan laguntza mekanikoa emateko. Era berean, matxurak direla, nekea dela edo kontrolez kanpo geratzea dela, jarraitu ezinik geratu diren partaideak jasoko dituzte ibilgailu horiek.

Partaideek beren gain hartuko dituzte trafikoari zabalik dagoen proba batean parte hartzeak berez dituen arriskuak, eta parte-hartzearen ondorioz gerta daitekeen edozein gorabehera edo istripuren erantzukizunetik salbuetsiko dute probaren antolakuntza.

Antolakuntza ez da parte-hartzaileek izan ditzaketen edo sor ditzaketen inolako istripuren erantzule izango. Txirrindularien lizentzia-aseguruak estali beharko ditu istripu horiek. Era berean, probak irauten duen bitartean parte-hartzaileek egin ditzaketen gastu edo zorren erantzule ere ez da izango, ez eta parte-hartzaileen bizikleta edo bestelako ekipamenduek jasan ditzaketen galera, matxura edo kalteen erantzule ere. Edozein gorabehera dela medio objektu pertsonalek jasan ditzaketen galera edo kalteen erantzukizunetik kanpo utziko dute partaideek antolakuntza.

Probaren jarraipena egingo duten ibilgailu baimenduek ageriko identifikazioa eramango dute uneoro. Laguntzarako ibilgailu bat ondoan izateak partaidea probatik kanporatzea ekarriko du.

Matxurarik izanez gero, ordezko piezak partaideen kontura izango dira. Errepidean bertan egin daitezkeen konponketak baino ez dira kontuan hartuko, zulatuak izan ezik.

Asistentzia-zerbitzuek ez diete laguntzarik emango proban behar bezala izena emanda ez dauden txirrindulariei.

 

8. Irudi-eskubideak.

Araudi hau onartzen duelarik, partaideak baimena ematen die “Abraham Olano Martxa”-ren antolatzaileei bere parte-hartzearen irudi guztiak edo zati batzuk filmatzeko, eta baimena ematen die, orobat, martxa sustatu eta zabaltze aldera bere irudia erabili ahal izateko, formatu guztietan (irratia, idatzizko prentsa, bideoa, argazkiak, DVDak, Internet, kartelak, komunikabideak, etab.). Azkenik, irudi horiek merkataritza eta publizitate aldetik ustiatzeko eskubideak ere utziko dizkie, horren truke inolako diru-konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izan gabe.

9. Anoa-guneak.

Proban lau anoa-gune edo hornidura-gune izango dira jatekoarekin eta edatekoarekin ibilbidean eta helmugan.


Anoa-guneetako kideek martxaren identifikazio-materiala daramaten txirrindulariei baino ez diete utziko produktuak hartzen.

 

Kilometro-puntua:


70.- USABAL. Helmugatik pasatzerakoan.
106. - SALBATORE. Sasietako gasolindegiaren alboan

150. - ASENTZIO.
181.- AZPEITI. Edaria soilik.
208.- USABAL. Helmuga

 

10. Dutxak eta aldagelak.

Martxan parte hartzen dutenek Usabal Udal Kiroldegiko dutxak eta aldagelak erabili ahal izango dituzte. Helmugatik gertu dago kiroldegia.

Ez da zaindutako gunerik izango bizikletak gordetzeko. Partaide bakoitzaren erantzukizuna da bere jabegoko gauzak eta kirol-materiala zaintzea eta gordetzea. Antolakuntzak ez du inolako erantzukizunik izango gerta daitekeen edozein haustura, lapurreta edo gorabeheraren aurrean.

11. Gizalegez eta errespetuz jokatzea.

Partaideek onartu egingo dituzte araudi honetako artikulu guztiak eta konpromisoa hartuko dute trafikoko arauen arabera gizalegez parte hartzeko eta ibilbide osoa egiteko helmugako lerroa gurutzatu aurretik.

Era berean, adierazten dute errespetuz jokatuko dutela antolakuntzan esku hartzen duten kideekin eta gainerako partaideekin.

Konpromisoa hartuko dute, orobat, norberaren eta besteen kirol-materiala errespetuz tratatzeko.

Arauzko kaskoa eramateko konpromisoa ere hartuko dute, derrigorrezkoa baita ibilbide osoan.

Probak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan dezan, partaideek anoa-guneetan jarritako edukiontzietara botako dituzte ontziak, bilgarriak eta janari-hondarrak, eta ibilbidean zehar ez dute ezer botako errepidera. 

Oriako Txirrindulari Eskola

Amaroz 34 - B. Bajo 2

20400 Tolosa

 

info@oriakotxe.com

Tel.: 943 67 05 83