SEGUNDU BAT EZ BAITA EZER.

SEGUNDU BAT EZ BAITA EZER.

 

Berriro izan ditugu GIPUZKOAKO ITZULIAn Oriako Txirrindulari eskolako juniorrak LIMOUSIN-SALDIAS ASEGURUAK taldeko koloreak azalduz. XXXI. GIPUZKOAKO ITZULIA junior mailako txirrindularien urteko helburuetako bat da; urte hasieratik gorriz seinalatuta izaten duten lasterketa. Aurten ere goi mailako lasterketa antolatu dute beste behin Gipuzkoako Federazioak eta antolatzaile desberdinek elkarlanean.

Azkoitian prologoarekin eman zioten hasiera txirrindulariek lau egun iraungo zituen itzuliari; eta 3 km inguruko ibilbide gogorrean erlojuari aurre egin zioten bakarlanean. Bertan, urte guztian zehar maila bikaina erakusten ari den Unai Zubeldia izan genuen laugarren postuan, denak denbora tarte oso estuan.

Eibarren izan zuten lehen etapa, eta laukote bat iritsi zen garaipenaren jokora. Bertan, Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar  izan zen garaile LIMOUSIN-SALDIAS ASEGURUAK taldeko Unai Zubeldiaren aurretik. Taldetxo honek egindako lan bikinari esker lidertza eskuratu  zuen Unai Zubeldiak, etapako garailea  segundu bakar batera zuela bigarren lekuan. Horri esker, itzulia amaitzeko geratzen ziren bi etapetan emozio handia bizitu zen.  

Bigarren etapan  giro umelari egin zioten aurre txirrindulariek. Andoain inguruan lehen kilometroak egin ostean, Oriotik Andazarrate gainera egin zuten laino tartean. Bertatik ihesaldia aurreratua pasa zen; ondoren lidarrearen talde nagusia. Asteasura iristeko jaitsierak multzo  nagusia sakabanatzea lortu zuen: liderra aurreko taldean zegoen eta Hugo Aznar bigarren sailkatua atzera geratu zen. Azken kilometroetan igotzen zuten Xoxokako lehen malden aurretik tropelak bat egin zuen, eta elkarrekin ziren berriro ere aurrez aurre  lasterketaren jokorako. Andoaingo kaleetan azkarrena Bazpi Taldeko Haimar Etxeberria izan zen, eta sailkapen nagusian ez zen aldaketarik egon; tarte txikiak berdin jarraitzen zuen. 

Lazkaon ekin zioten azken etapari, eta LIMOUSIN-SALDIAS ASEGURUAK taldeko txirrindulariek aurreko etapetan bezala beraien lider zen Unairi talde babesa eskeintzen alegindu ziren; baina lasterketan izandako zulatu, matxura eta abarrek aurreko egunetan eskainitako lan bikaina oztopatu zuen. Lazkaomendiko igoera aurretik ihesaldian sailkapen nagusian minutuko atzerapena zuten txirrindulari batzuk sartu ziren. Ihesaldiko lagunak gogor aritu ziren liderraren talde nagusiari tartea handitzeko lanean, 1:52 tartea hartuz. Urkillaga gainean Ampo taldeko Xabier intxausti zen lasterketako lider birtuala, baina talde nagusikoak tartea txikitzen joan ziren. Lasterketa buruaren eta tropel nagusiaren arteko errenta lau kilometroren faltan minutu eta sei segundukoa zen; horregatik, etapa eta lidertza  zeuden jokoan. Azken metroetan Vilanova taldeko David Peñaranda izan zen ihesaldiko azkarrena. Ikusleak ordulariari eta errepideari begira ziren helmuga inguruan; izan ere, Xabier Intxausti laugarren sailkatuak sailkapen orokorrean 57segunduko atzerapena zuen Unai Zubeldiarekin eta 56 segundukoa Hugo Aznarrekin. Tropel nagusia agertu zen azken metroetan, eta bertan aurreraturik Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar sartu zen seigarren postuan 53 segundura. Pixka bat atzeratuago segundu bateko tartearekin  LIMOUSIN-SALDIAS ASEGURUAK taldeko Unai Zubeldia izan zen bederatzigarren. Itzulia Hugo Aznarrek eskuratu zuen azkenean, eta taldeko Unai Zubeldia bigarren sailkatu zen denbora berdinean. Podiuma AMPO taldeko Xabier Intxaustik osatu zuen, hiru segunduko atzerapenarekin.

XXXI GIPUZKOAKO ITZULIAko,sailkapen orokorra 281km eta 39,5km/orduko bataz bestekoaren ondoren  deus ez den denbora batean erabaki dute etorkizuneko txirrindulari hauek.

ZORIONAK LIMOUSIN-SALDIAS ASEGURUAK talde osoari.

 

 

Oriako Txirrindulari Eskola

Amaroz 34 - B. Bajo 2

20400 Tolosa

 

info@oriakotxe.com

Tel.: 943 67 05 83