mar
31
jul
2012
Hona hemen Aitor Andresek kontatu diguna joan den igandeko erlojupekoaren harira:
"Igande goizean Alegin izan ginen Taldeko Erlojupeko Gipuzkoako Txapelketa jokatzen. Bertan, junior mailan 3. postua eskuratzea lortu genuen lehenengo postutik 14 segundura geratuz eta bigarren postutik segundu bakar batera. Kadete mailan, podiumetik gertu geratu ginen eta 4. postua eskuratu genuen. Aipatzekoa arlo honetan Andoaingo Txirrindulari Eskolak egindako lana bi mailatan garaipena eskuratzea lortu bait zuten, zorionak beraiei!
Gure hurrungo erronka, ostegunean hasiko den Iruñako Itzulia izango da."
mar
24
jul
2012
Ohikoa denez, Aitor Andres, Junior mailako kirol zuzendariak ekarri dizkigu azken berriak:
"Asteburu honetan Zumaian izan gara. Bertan 96,5 kilometroko ibilbide luzea egin dute txirrindulariek. Hasieran Zumaia eta Aizarnazabalgo errepideen artean 4 itzuli ematen zituzten eta gero, Garateko gaina igotzen zuten helmugara joan aurretik. Lasterketa erdian tropela bitan zatitu da, 30 txirrindularik aurreko taldea osatzen zuten (Jon Irisarri, Xabier Sansebastian eta Mikel Matxinea bertan ziren) eta 60ek atzekoa (bertan Beñat Salbarredi eta Andoni Mateos ziren). Aurreko taldea 2 minutuko abantailarekin joan da lasterketa osoan Garateko gaina igotzen hasi diren arte. Bertara gerturatzen hari zirela erasoak hasi dira eta bi txirrindulariek abantaila hartu dute helmugara aurretik iritsiz. Laguntasuna taldeko Serrato Mexikarra izan da garailea eta beregandik 12 segundura gure taldeko Xabier helmugaratu da meritu haundiko 2. postua lotuz. Mikel hurrungo taldetxoan sartu da 4. postua eskuratuz. Atzeko taldetik Beñat Salbarredik azkeneko kilometroak gogor egin ditu bere taldeari segundu batzuk ateraz eta honela, taldeko sailkapenean lehen postua eskuratzea lortu dugu sari oso on bat jasoz.
Azkeneko 2 asteetako lasterketetatik nabarmentzekoak Mikel Matxineak Mendaron (Gipuzkoako Txapelketan) lortutako 2. postua, Aztirian taldeko sailkapenean lortutako 2. postua ere eta Jon irisarrik Amorebietan lortutako 5. postua."
mar
03
jul
2012
Eskolako txikienak denboraldia bukatuta, oporretan dauzkagun arren, kadeteak eta junior mailako txirrindulariak beraien lasterketekin jarraitzen dute han eta hemen.
Aurreko asteburu honetan, kadeteak, Tolosan, Amaroz auzoan izan ziren. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen duen lasterketa hau, arrakastatsua suertatu zen, izan ere, 180 partehartzailetik gora izan ziren bertan. Ibilbideak bazituen bere zailtasunak, izan ere, Altzora bi aldiz igo behar izan zuten. Lehen igoeran, jada, lasterketa dezente hautsi zen eta aurrekaldean talde txiki bateko ihesaldia sortu zen, atzetik berriz, tropela bitan banatuta. Aurreko ihesaldian sartu zen Xabier Contreras, Oriako Txirrindulari Eskolakoa, baina Altzoko bigarren igoeran ezin izan zuen aurrekoekin jarraitu eta zazpigarren iritsi zen helmugara. Kontutan izan behar da, kanpotik etorri ziren taldeek maila ona erakutsi zutela eta honek lasterketa are eta gehiago gogortu zuela. Hona hemen SAILKAPEN osoa eta Jon Lizarribarren ARGAZKIAK.
Bestetik, Junior mailakoak Ezkio-Itsason jokatu zuten Santa Lutzia saria. Xabier San Sebastianek kontatu dizkigu hango gorabeherak: "Ibilbidea oso gogorra izaten du lasterketa honek, izan ere, Eizaga, Atagoiti, Gabiria eta Ezkiora igo behar izaten baita". Argi ibili ziren gure txirrindulariak; "Eguneko ihesaldia Eizaga igo baino lehenago osatuko zela pentsatzen genuen eta behin eta berriz saiatu ginen saiakera guztietan norbait sartzen, azkenean, ihesaldi ona, Eizaga pasa ondoren suertatu zen eta bertan sartu ginen, Jon Irisarri eta ni neu". Amaiera ere ez zen samurra, "Ibilbide gogoraren eraginez, helmugara banan-banan iritsi ginen, ni seigarren sailkatu nintzen, Jon Irisarri 12. eta Mikel Matxinea 14. Hortaz gain, taldeka, bigarren izan ginen". Taldekako sailkapen hau, meritu handikoa da, izan ere, kanpotik, Gaztela aldetik eta, etorritako talde onak izan ziren bertan. Hemen, SAILKAPENAK, eta Juan Luis Juarezen ARGAZKIAK.
Oriako Txirrindulari Eskola
Amaroz 34 - B. Bajo 2
20400 Tolosa
info@oriakotxe.com
Tel.: 943 67 05 83